LEHENENGO EGUNETIK ERREFERENTZI GISA

     Sakanan aurrera goaz hondakin sistema berriaren alde eta beste zonaldeko Mankomunitateek eta udalek,  aztertu nahi izan dute Etxarrin bertan gure auzokonpostajearen aldeko apostua. Hain zuzen ere, Bortziriak, Irati, Baldizarbe, Alto Araxes eta Mendialdeko mankomunitateak etorri ziren. Haiekin Hondakin Patzuergoa eta Betelu, Urretxu eta Legazpiko udalak. Guztiek aprobetzatu zuten Sakanako Mankomunitatearen gonbidapena Etxarriko eremua aztertzeko.

     “Eremu hau ezin hobea da Baldizarben ezartzeko. 2005.etik lan egiten ari gara konpostajearen alde, batez ere autokonpostajearen alde, eta orain eskoletan eta auzoetan bultzatu nahi dugu. Beste aurrera pauso bat da materia organikoa gure zonaldean bertan kudeatzearen alde”, aipatu du Oscar Rubiok, Baldizarbeko Mankomunitateko hondakin teknikaria.

     Bortzirietako ordezkariek ere egokia ikusten dute: “Bera Bidasoan, orain dela zortzi hilabete hasi ginen auzokonpostaje egiten auzo batean, 25 familiekin, pixka bat ikusteko zer moduz ateratzen zen. Alegia, esperientzi piloto bezala. Beraz, Etxarriko eremua aztertzera etorri gara auzokonpostajea zabaldu nahi dugulako; zaborra tratatzeko modurik hoberena dela uste baitugu eta eremua Berara egokitu nahi dugu”, aipatzen du Txomin Elgorriagak, Bortzirietako teknikaria.

      Iritzi bera daukate Baldizarben: “Esperientzia hauek materia organikoaren tratamenduaren gaian aurreratzen baimentzen digute. Bizilagunen konpromiso eta erantzukizunarekin bikain aterako dira”, dio Oscar Rubiok, Baldizarbeko Mankomunitateko hondakin teknikaria.

SAKANAKO NEGU GORRIAK EZ DIO KALTERIK EGIN

     Mikel Arregi plazan mustu zen 12 metro kubiko, luzeran lau metro eta erdi eta zabaleran bi metro eta erdi dituen etxola. 100 familia baino gehiagorakoa da eta proba gogor bat gainditu du jada: “Negu gorri hau pasatzea proba on bat izan da bere sendotasuna ziurtatzeko. Hau gainditu baldin badu, dena egina dauka”, esan du Andoni Igoak, etxolaren diseñatzailea. Egurrezkoa da arrazoi argi pare batengatik:  “Egurrezkoa da igurumenarekin zerikusia duelako eta gehiago integratzen delako”, gehitu nahi izan du Igoarkin enpresaren sortzailea.

     Estetikaren aldetik guztiek egokia ikusi dute. “Polita eta erakargarria da. Uste dugu jendeari gustatuko zaiola eta animatuko direla konpostajea egitera. Gero uste dut ere konposta egiteko modu erraz batean egin ahalko dela, agitz sinplea dela, eta gainera agitz agudo egiten dela konposta, orduan, hori ere inportantea da. Denbora aunitz behar baduzu konposta egiteko, azkenean jendea nekatzen da eta ilusioa galtzen da. 5-6 hilabetetan ateratzen baduzu konposta inportantea da ere bai. Niri gustatu zait aunitz”, aipatu du Elgorriagak.

     “Polita bezain inportantea da Sakanako Mankomunitateak egin duen apostua. Guk asko ikasi dugu eta uste dugu aurrera pauso bat dela jendea materia organikoaren kudeaketan parte harazteko”, laburbildu du Rubiok.

     “Hartu dugu ideia jada. Argazkiak atera ditugu eta espero dugu han gure politikoak eta gure Mankomunitatea ere bai animatzea”, esan du Elgorriagak.

      Hurrengo egunetan Mankomunitateak etxolaren funtzionamendua irakatsiko dio Mikel Arregi plazako bizilagunei auzokonpostajea egiten has dezaten. Parte hartzen dutenek %15eko hobaria izango dute zabor tasan haien materia organikoari beste bizitza emateagatik.