Hilabete luze auzokonposta egiten

Gure auzokonposta 5. kontenedorearekin konparatuta

Azken bolada honetan batzuek 5. kontenedorea eskatzen duten bitartean, Sakanan hirurogei famili inguru auzokonpostaren abantailak aprobetxatzen ari dira jada

Hilabete luze daramate Mikel Arregiko bizilagunek auzokonposta egiten egurrezko etxola batean eta lehenengo emaitzak begibistan daude. Kaxetaren lehenengo zelda bete dute eta materia organikoa konpost bihurtzen den bitartean, herritarrak hasi dira sortzen duten materia organikoa bigarren zelda batera botatzen.

Bere familliaren kuboa husten duen aldi berean, Jose Mari Goenak haien ohitura berria azaldu digu: “Etxean hiru gaude eta guztiok parte hartzen dugu. Alde batetik plastikoak gordetzen ditugu, bestetik papera eta kartoia, eta materia organikoa kubo marroian etxola honetara eramaten dugu. Ez dago arazorik! Betidanik egiten dugu eta. Gainera etxearen ondoan dagoenez nahi dugunean gatoz. Normalean, bi egunetan behin edo”.

Haiek bezala, Mikel Arregiko auzokonpostajerako etxolan 60 famili inguruk beste bizitza ematen diote etxean sortzen duten materia organikoari. Besteak beste, Cesar Bergeraren familia. “Ez da batere zaila jakitea zer bota behar dugun. Naturala dena, alegia, janariaren hondakinak, etxolara. Guk zabor asko sortzen dugu etxean lau garelako. Orduan, nik aprobetxatzen dut kuboa jaisten dudanean zakurra ateratzeko”, aipatu du.

Mankomunitateko informatzaileek etxolaren funtzionamenduaren jarraipena egunero egiten dute. Itziar Zudairek aitortu du ongi dabilela: “Primeran dihoa. Eguerditan gatoz bolteatzeko piska bat ikusteko nola dagoen eta ikusten da jendea ongi egiten ari dela. Alegia, bero dago, kea pixka bat ateratzen da… orduan, konposta egiten hasi da!”.

Bergerak funtzionamendua azaltzen digu: “Kubo bat eramaten baduzu, estrukturante kubo batekin estali behar duzu eta listo. Ongarri izugarria!”. Mankomunitatetik gomendatzen dugu estrukturante gehiegi ez botatzeko. “Hasieran normala da ez dakigulako ongi egiten ari garen edo ez. Batez ere konpostaje ikastaroetan estrukturantearen garrantzia azpimarratu diegulako. Gakoa da materia organikoa, estrukturanteko kopuru adina botatzea. Helburua estaltzea da, agerian ez izatea”, azaldu du Mankomunitateko informatzaileak.

5. KONTENEDOREAREKIN KONPARATUTA

Nahiz eta batzuek 5. kontenedorea eskatu, Mankomunitatean 900 eskaera inguru dituzte auzokonposta guneak ezartzeko Sakanan zehar. Bietan materia organikoa eraman ahal da edozein ordutan. Irati Porturen hitzetan, Garbitania Zero Zaborko Ingurumen Teknikaria, auzokonposta askoz eraginkorragoa da: “Materiala lekuan bertan kudeatzen da. Konpostatuz bilketa eta tratamendu kostuetan aurrezten da, bai ekonomikoki eta baita ikuspuntu ekologiko batetik ere. Materia hori ez da bildu eta tratamendu planta industrial batera eraman behar”.

Berak Mankomunitateak duen sistema berria ezartzeko bideragarritasun plana barrutik ezagutzen du. “Auzokonpostajean normalean konposta bera askoz kalitate hobeagokoa izaten da, lehengaia puruagoa izaten baita. Materiala ez dago poltsa konpostagarrietan sartuta eta orokorrean ez du apenas inpropiorik izaten. 5. edukiontziko materiala poltsetan sartuta egon ohi da (batzuetan konpostagarriak, batzuetan ez) eta inpropio maila handiagoa izaten da. Gainera, konpostatuta materiala bera zuzenean tratatzen da, ez da edukiontzian edo transferentzia gunean almazenatzen, beraz, egoera optimoagoan iristen da tratamendu prozesura”, dio Garbitaniako teknikariak.

Mankomunitatetik 5. kontenedorearen inpropioen arazoa azpimarratu dute. “Auzokonpostajea bostgarren kontenedorea baino askoz hobeagoa da. 5. kontenedorea edukiontzi bat gehiago da eta. Zuk poltsa uzten duzu baina ez duzu kudeatzen, ez duzu ezer egiten. Horregatik inpropio asko agertzen dira”, komentatu du Itziar Zudairek.

Auzokonpostajearen kasuan, konpostajeari esker tratamenduan dirua aurrezten denez, Mankomunitateak %15eko hobaria egingo dio konpostatzen duen jende guztiari. Bai autokonpostaje egiten dutenei (etxean bertan lur eremu propio duten eta konpostagailu bat eskatu dutenei) edota auzokonpostaje egiten hasi direnei. Momentuz soilik Mankomunitateko zabor tasan aplikatuko da. Dakigunez, gure zabor erreziboan Mankomunitateko tasa eta Nafarroako Hondakin Patzuergoko tasa gehitzen da eta azken honetan Foru Gobernuak ez du hobaririk egiten.

5.KONTENEDOREAREN ETA ATEZ ATE SISTEMAREN EMAITZAK

Gipuzkoan lortzen ari diren emaitzen arabera, Atez ateko hondakinen bilketa herrigune eta komertzioetan burututa, 80kg/biztanle/urte inguruko kopuruak jasotzen dira. Bilketa poligono eta zentro komertzialetara zabaltzen den kasuetan kopuru hau nabarmen igotzen da. Usurbilgo kasuan, adibidez, 2012.urtean 132,41kg/biztanle-koa izan zen balio hau. 5. edukiontziarekin egindako kanpainen arabera datuak asko aldatzen badira ere, ohikoena 10-20kg/biztanle bitartean jasotzea izan da. Gipuzkoan parte hartze handiena duen kasua Zarauzkoa da, eta hala ere ez da iristen sortutako organikoaren erdia jasotzera. 2012.urtean 45,42kg/biztanle jaso ziren.

ZALANTZAK ETA BELDURRAK

Mikel Arregiko bizilagunak hasierako beldurrak alde batera uzten ari dira denbora aurrera doan ahala. “Lehen baratzan egiten genuen bezalakoa da. Orain bizilagunen artean egiten ari gara. Gainera ongi aireztatuta badago ez du usainik sortzen”, aipatu du  Cesar Bergeak.

Mankomunitatean badakite usain txarrak izateak sakandarrak beldurtzen dituela. “Pozik daude. Jarraipena egitera etortzen garenean jendea gureganatzen da ea ongi egiten ari den galdetzera. Usainarena, funtzionamendua ikasteko lau gauza behar direnez eta bizilagunak ongi egiten ari direnez ,ez dago usain txarrik. Martxa ona du”, aitortu du Itziar Zudairek.

Honekin lotuta gehienok ohitura txar bat dugu: Etxeko zakarrontzia itxita uztea. “Etxean usainik ez izateko kuboa irekita utzi behar dugu. Azkenean kuboa toki estankoa denez, ixten dugunean fermentazio prozesua hasten dira materia organikoan. Orduan hobe dugu etxean estali gabe edukitzea”, gomendatu digu Itziarrek.

Jose Mari Goenak aitortu du haien etxearen parean dutenez, maiz hurbiltzen direla eta ez dute usain txarrik izan. “Nahi dugunean etorri ahal gara. Edozein ordutan etxolara eramaten dugu”, azaldu du Mikel Arregiko bizilagunak. Etxarritar honek aitortu du hasieran zalantza asko izan arren, orain denboraren poderioz alde onak besterik ez dituztela ikusten: “Hasieran zalantzak etortzen zaizkizu. Nola egingo ote den, ea etxean leku nahikorik izango den edo ez… baina orain behin ikusita ez dugu aldaketa handirik nabaritu”.

AUZOKONPOSTAJE EREMUAK

Herriaren eskaeraren arabera, Mankomunitateak auzokonpostaje eremu ezberdinak jarriko ditu. Alegia, 20 famili arte, konpostagailuak lur eremu publiko eta itxi batean ezarriko dira estrukturante kaxekin batera. 20tik 60 famili arte apuntatzen badira egurrezko etxola txikia muntatuko da. Eremua ikusi ahal da Etxarrin bertan Aldapasoron. 60 baino gehiagok izena ematen duen kasuan, Mikel Arregi plazakoa bezalakoa. Mankomunitatea dimentsionamendua egiten ari da eta interesatuta dagoenak entitateari deitu behar dio.

AMA LURRARI GUK GEUK EMAN DIGUNA ITZULTZEA

Protagonista guztiek azpimarratzen dute auzokonpostak txipa aldatzeko aukera on bat ematen digula. “Etorkizunari begira guk ongi egiten badugu, gure seme-alabek emaitza ikusiko dute. Azken finean auzokonposta, betidanik baratzan egin duguna, orain bizilagunen artean egiten dugu. Etxola etxetik hurbil dugu eta nik uste dut gure hondakinak hobeto kudeatu ahal badugula, hobe guztiontzat. Jendea mentalizatu behar da”, gehitu du Bergerak. Berarekin bat dator bere bizilaguna Goena: “Hilabete bat besterik ez daramagu eta jendea parte hartzen ari da. Guk uste dugu hain erraz dela non ingurumenaren alde laguntzeko aukera on bat baita”.

Garbitaniako teknikariaren hitzetan bizilagunok geuk zikloa itxi ahal dugu. “Erabiltzaileei beraien hondakinen gaineko ardura ematen zaie. Beraiek konpostatzen dute organikoa ondoren lurrera berriz bueltatzeko, zikloa zuzenean itxiz. Oso prozesu pedagogikoa da eta hondakinen arloko sentsibilizazioa lantzen da modu honetan. Hau gutxi balitz, kalitatezko ongarria lortzen da. Gainera, gure baratzean konposta erabiliaz ongarri kimikoak erabiltzeko beharra murrizten dugu”, esan du Irati Portuk.